Txikipedia:Bertsolari Txapelketa Nagusia
Bertsolari Txapelketa Nagusia Euskal Herriko bertsolari guztiak biltzen dituen txapelketa da. Badira beste hainbat txapelketa baina honetan bakarrik aritzen dira herrialde guztietakoak. Lehenengoa Euskadi Gaztedik antolatu zuen, 1935ean. Gero, hainbat etenaldiren ondoren, Bertsozale Elkarteak hartu zuen antolakuntzaren ardura 1986az geroztik. Harrezkero lau urterik behin egiten da, eta, hainbat kanporaketaren ondoren, zortzi bertsolariren artean jokatzen da finala. 2017ko finala Maialen Lujanbiok irabazi zuen.
-
Txirrita eta 1936eko finalistak
-
Jon Lopategi
1967ko txistu, oihu eta txaloak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
1967ko Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartu zuen, eta bigarren amaitu zuen. Hala ere, urte hartako txapelketan protagonista nagusia izan zen; berak nahi gabe, baina.
Txapelketa-saioa Donostiako Anoeta pilotalekuan aurrera zihoala, Alfonso Irigoienek epaimahaikideen erabakien emaitza irakurri zuen: Xalbador bertsolaria, Uztapiderekin batera, txapelaren bila lehiatzeko azken fasera iragan zela.
Orduan ikus-entzule zenbait oihuka eta txistuka hasi ziren minutu erdiz, erabakiarekin bat ez zetozela agerian utziz. Beste batzuk, berriz, Xalbadorren alde txaloka hasi ziren. Uztapide eta Xalbador bertsolariak, mikrofonoen aurrean, isilik ziren. Azkenean, zalaparta artean ekin zion Uztapidek lehen bertsoa botatzeari, eta ondoren hasi zen bertsotan Xalbador, erabakiaren erantzukizuna berari ez zegokiola adieraziz. Txalo artean bukatu zuen bertsoaldia, bertso gogoangarri eta hunkigarri izan zen, eta, ordutik, areagotu egin ziren Xalbadorren aldeko keinuak eta zaleak. Hau da orduko bertso ospetsua:
"Anai-arrebok, ez, otoi, pentsa
neu're gustora nagonik,
poz gehiago izango nuen
albotik beha egonik.
Zuek ezpazerate kontentu
errua ez daukat ez nik,
txistuak jo dituzute bainan
maite zaituztet orainik."