1532an Bilbora etorri ondoren, 1567an, La Naja parean, itsasadarraren ezkerraldera lekualdatu ziren mesedeetako mojak. 1621ean komentua eta eliza inauguratu zituzten, kaiari izena eman ziotenak, eta, geroago, zubia eta eskuinaldean dagoen kale txikiari. Gaur egun kontserbatzen den eraikin barrokoa 1663 eta 1673 artean eraiki zen Abandoko Elizateko lurretan. 1750ean berreraiki zuten, eta azkenean Bilboko Udalak erosi zuen.[2][3]
160 metrotara uretan gora San Frantziskoko komentuko frantziskotarrek 1793anzurezko zubia eraiki zuten Zazpikaleetara joateko. 1813anNapoleondar Armadak Bilbo utzi zuenean, zubi hau erre zuen.
Bilboko setio karlista amaitu zenean, 1874ko maiatzaren 2an, San Anton zubia baino ezin zen erabili. Egoera horren aurrean, behin-behineko bat proiektatu zen piloteen gainean, Mesedeetako elizaren parean. Howe sistema eta harlangaitzezko pila zituen, 1874ko abenduan entregatu zen eta hainbat konponketa behar izan zituen. 1875eko urtarrilean ireki zen.[2][4]
Mesedeetako zubia 1891 urtean1883an Ernesto Hoffmeyer Zubeldiaren proiektu berria onartu zen. Bi arku eskartzano zituen, erdian danbor formako pila bat, eta harlandua, harlangaitza eta adreilua erabiltzen zituen. Obra 1885ean hasi eta 1887an amaitu zen, eta urte bereko maiatzaren 2an inauguratu zen, karlisten setioa altxatu zeneko urteurrenean.[2][4][5]
1937an, tropa frankistak berehala sartuko zirela ikusita, Bilboko Defentsa Batzordeak, Jesus Maria Leizaolaren agindupean, hiribildua zeharkatzen zuten zubi guztiak suntsitzeko agindua eman zuen. Leherketak ekainaren 18tik 19rako goizaldean egin zituen 1. Euskal Dibisioak, Joseph Putz komandantearen agindupean. Gaur egungo zubia 1937an Bilbo galdu zenean suntsitu ondoren eraiki zen.[6]
Agintari frankistek urte bereko abuztuaren 5ean eman zioten zubiari Sanjurjo jenerala izen berria, berreraiki aurretik. 1938ko ekainaren 19ra arte ez zen zubi berria inauguratu. Manuel Gil de Santibañez ingeniariak proiektatu zuen zubi berria, hormigoizkoa, bi arku ez oso nabarmenekin eta erdian harrizko pilare batekin.[2][6]
Izen frankistak demokraziaren garaira arte iraun zuen, 1980an egungo Mesedeetako Zubia izena berreskuratu zuen arte.[7]
2012az geroztik, eta Bilbo Historikoa Elkarteko inozentada baten ondorioz, 1983ko uholdeen ondoren instalatu ziren zubiko farolei buruzko legenda faltsu bat zabaldu zen. Gezurtatu arren, buloa zabaltzen jarraitzen da[8].
↑ ab(Gaztelaniaz)Salazar Arechalde, José Ignacio. (2003). La ría de Bilbao en el siglo XIX.Tendiendo puentes, abriendo caminos. Bilbo: Bizkaiko Aparailari eta Arkitekto Teknikoen Elkargo Ofiziala, 88-93 99-101 or. ISBN84-922167-1-9..