Emakumezkoen Munduko Futbol Txapelketa (ofizialki FIFA Women's World Cup) emakumezkoen futbolean jokatzen den txapelketarik garrantzitsuena da Olinpiar Jokoetako Futbol Txapelketaren parean dago. 1991ean izan zuen lehenengo ekitaldia eta lau urtean behin jokatzen da. Estatu Batuetako selekzioak lau garaipen lortu ditu eta Alemaniako selekzioak bi. 2019 artean Estatu Batuek beti lortu dute podiumean sartzea, 2023an ez ordea.
FIFAren lehendakaria izan zen João Havelangeek bultzatu zuen Emakumezkoen Munduko Txapelketa egiteko egitasmoa. Hamabi talde aurkeztu ziren 1991ean eta Txinan jokatu zen txapelketa. Estatu Batuetako selekzioa izan zen lehenengo txapelduna. 1995ean ere hamabi talde izan ziren Suedian eta europarren arteko finalean Norvegia nagusitu zen.
Hurengo bi ekitaldiak Amerikako Estatu Batuetan jokatu ziren, lehenengoan etxekoak nagusitu ziren Txinari penalti jaurtiketatan irabazita eta bigarrenean Alemaniak irabazi zuen "urrezko golari" esker. Gizonezzkoetan eta emakumezkoetan Munduko Txapelketa lortzen duen lehenengo selekzioa izan zen.
2007an berriz ere Txinara itzuli zen txapelketa eta alemaniarrek bigarren garaipena eskuratu zuten jarraian. 2011ekoa Alemanian jokatu zen eta etxekoak faborito ziren arren Japoniak eta Estatu Batuek jokatu zuten finala. Japoniarrek penalti jaurtiketetan lortu zuten garaipena.
2015ean Kanadan jokatu zen Munduko Futbol Txapelketa eta final ikusgarri batean Estatu Batuak nagusitu zitzaion Japoniari. 2019an Frantzian jokatu zen eta Estatu Batuetako selekzioak laugarren titulua eskuratu zuen, Herbehereen aurka jokatutako finalean.
2023an Espainia eta Ingalaterra iritsi ziren finalera, biak ere lehenengo aldiz. Ingelesak ziren faborito, baina espainiarrek gol bakarrarekin irabazi zuten finala. Bi euskal jokalari izan ziren munduko txapeldun, Irene Paredes legazpiarra eta Oihane Hernandez sopelarra.
Marta (Brasil) da historiako golegile nagusia.Birgit Prinzek (Alemania) bi txapelketa irabazi zituen eta 2003n "urrezko baloia" eta "urrezko bota" jaso zituen. Historiako bigarren golegilea ere bada.
Hauek dira Munduko Txapelketetako azken faseetan gol gehien sartu dituzten jokalariak:
Homare Sawak (Japonia) sei txapelketa jokatu zituen. 2011n "urrezko baloia" eta "urrezko bota" sariak jaso zituen.Aitana Bonmatí izan zen 2023ko jokalari onena (urrezko baloia).
Urrezko baloia txapelketako jokalari onenari ematen zaion saria da.