Atleta-oina, atletaren oina edo oinetako ezkabia[1] onddo dermatofitoek eragindako infekzio mikotikoa da. Oinen oinarrian eta ertzean ematen dira onddo hauek. Zeinu kliniko nabarmenenak dira, besteak beste, gorritasunak, besikulak edo puslak, eta behatz arteko zartadura edo pitzadurak.[2]
Dermatofitosirik ohikoena da, eta ezkabien ehuneko 70 osatzen du; gizabanakoen ehuneko 20k, berriz, sintomarik gabe eramaten du eskabi kutsakorra. Ohikoa da eskuoihalen, kutsatutako arroparen eta maindireen bidez organismoa oinetik urrun igarotzen ikustea.
Atleta-oina ohikoagoa da gizonetanemakumeetan baino, eta haur zein helduetan ikusten da. Atletek eta kirolariek kutsatzeko aukera handiagoa dute. Kutsatzea pertsonatik pertsonara zuzenean transmititzen da, bai eta onddoak hilabeteka irauten duen gainazal hezeetan ere, hala nola igerilekuetan, bainugeletan, dutxetan, eskuoihaletan, alfonbretan, kuarteletan, ikastetxeetan, saunetan, hoteletan eta gimnasioetan. Oin hezea (izerdia, adibidez) denbora luzez mantenduz gero eta oinetako itxiak erabiliz gero (botak, adibidez), handitu egiten da infekzioa agertzeko edo irauteko arriskua, onddoaren aldeko giro beroa, hezea eta iluna sortzen baitu[3].