Edukira joan

Antonio Kortazar

Wikipedia, Entziklopedia askea
Antonio Kortazar
Bizitza
JaiotzaDonostia1823ko urtarrilaren 17a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaDonostia1884ko ekainaren 9a (61 urte)
Familia
Seme-alabak
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
euskara
Jarduerak
Jarduerakarkitektoa

Antonio Kortazar Gorria (Donostia, 1823ko urtarrilaren 17a - ib., 1884ko ekainaren 9a) arkitekto eta hirigile gipuzkoarra izan zen. 1863an Gipuzkoako obretako zuzendaritza hartu zuen eta 1867an bere lanik ezagunena aurkeztu zuen: Donostiako zabalgunea[1]

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Donostian, Getarian (Lapurdi) eta Madrilen ikasi zuen, eta 1843an Madrilera joan zen arkitektura ikasketak egitera[2], eta 1850ean arkitekto titulua lortu zuen.

Hasieran, Manuel Peironcely Bide, Ubide eta Portu ingeniari buruaren laguntzaile fakultatibo kargua bete zuen eta, ondoren, Gipuzkoako errepideetako zuzendariorde izendatu zuten, eta 1863an zuzendari izendatu[2][3].

1862an Donostiako behin-behineko udal-arkitekto izendatu zuten, eta bere lehen funtzioa hiriko harresiak eraistea izan zen[2]. Donostiako zabalgunea deritzonaren proiektua landu eta garatu zuen, Kortazar zabalgunea ere deiturikoa.

Errepide eta bide ugari proiektatu eta zuzentzeaz gain, eta Donostiako zabalgune plana diseinatzeaz gain, Urumea ibaiaren gaineko Santa Katalina zubia, Bretxako merkatuaren planoak eta Espetxe berriaren proiektua egin zituen, besteak beste[4].

Bere semeak, Ramon Kortazar Urruzolak, arkitekto gisa jarraitu zuen bere lanbidea, eta bereziki Donostiako Aurrezki Kutxa eta Fraisoro Haur Abandonatuentzako Etxearen lanak egin.

Lan nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Porvernir, Kortazarren zabalgune proiektua, egungo erdialdea

Arkitekto-hirigile lanetan, Kortazar zabalgunea deritzona izan zen lan nagusia. Donostiaren hazkunde demografikoak —hirigunean 9.000 bizilagun— pilaketa arazo larriak eragin zizkien harresien barruan bizi zirenei. Prim eta Lertxundi jeneralen bitartekotzaz, herritarrek eta udalak gogo biziz esperotako agindua heldu zen: harresiak eraistea. Hiribildu eta gotorleku militar izateari utzi zion, herritarren pozerako.[5] Hurrengo pausoa, harresien aurreko hareatzan, ordu arte ariketa militarrak egiteko, ontzigintzarako eta abarrerako erabiltzen zen tokian, hiria eraikitzea zen, ekialdera hedatuz lehenik, eta hegoaldera gero. Azken zabalkunde hau, Porvenir deitutakoa, Antonio Kortazarren planetan oinarritu zen, baina Jose Goikoak ere parte hartu zuen. 12.000 errealeko saria jaso zuen lehiaketaren bitartez[1], eta "Kortazar Zabalgunea" izenaz egin zaigu ezagun. Haren bitartez, aurreikuspena zen 1900. urtean 475.014 metro koadro hiritartzea, 14.775 bizilagunentzat, alegia, 12 metro koadro pertsonako. Aldiz, Kortazarren kalkulu hori nabarmen gainditu zen, 1900an Donostiak 35.583 biztanle izatera heldu baitzen[6]

Beste lan batzuak:

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Kortazar zabalgunea. Auñamendi.
  2. a b c Kortazar Gorria, Antonio. Auñamendi.
  3. (Gaztelaniaz) Antonio Cotázar y Gorría. Real Academia de la Historia.
  4. (Gaztelaniaz) «Obra de Antonio Cortázar» Diario Vasco.
  5. Eustasio Amilibia alkateak jaso zuen mezua. Bera Antzoki Zaharrean zegoela, Mandasko dukearen telegrama bat jaso zuen, baita ikusleei berria zabaldu ere. Espresuki gertakizun horretarako sortutako martxa baten akordeei jarraituz, 1863ko maiatzaren 4an lehenengo harria kendu zen. Zatikatu eta lehenengo ilarako gonbidatuen artean banatu zen.
  6. Javier Sada, Asier Sada. 1995, 102-103. or.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]