Iharteko monasterioa
Iharteko Andre Maria monasterioa | |
---|---|
Kultura ondasuna | |
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Nafarroa Garaia |
Udalerria | Itza eta Lete (Itza) |
Koordenatuak | 42°51′48″N 1°48′14″W / 42.8633°N 1.8038°W |
Historia eta erabilera | |
Irekiera | 1024 (egutegi gregorianoa) |
Arkitektura | |
Ondarea | |
BIC | RI-51-0010684 |
Iharteko Andre Maria monasterioa[1] Nafarroa Garaiko monasterio erromanikoa da, Itza udalerriko Lete kontzejuan dagoena, Iruñetik 20 kilometro mendebaldera. 2002an Nafarroako kultura ondasun izendatua izan zen; egun jabetza pribatukoa da.
Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]
1024ean, Antso III.a Nagusiak eta haren emazte Muniak Albeldako abade Leoariori eman zizkioten monasterioa eta Lete herria. 1045ean, Gartzia III.a Santxitzek Iratxeko monasterioari eman zizkion jabetza horiek, Deioko gazteluaren truke.[2] 1837ko desamortizaziora arte egon zen Iratxeko monasterioaren mende. Mojak ziren Iharte bizitoki izan zutenak.[3]
Eraikina[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Bi ataleko nabe bakarra dauka elizak. Absidea zirkuluerdi formakoa da, labe-gangaz estalia, eta erdi puntuko hiru leihoren bidez argiztatua. Lehenbiziko atala kanoi-gangaz estalirik dago, eta esfera zati formako kupula batez bigarrena; lanterna txiki batetik eta epistolaren aldeko leiho handitik sartzen zaio argia. XIV. mendeko pintura gotikoak daude gurutzaduran.[4] Erdi puntuko bao bat duen kanpai-horma nabarmentzen da kanpoaldean.
2002-2006 bitartean, eliza zaharberritua izan zen.[5] Monasterioko gainerako eraikinak, ordea, erabat hondaturik daude. Hurbileko harrobi baten lanek larriki kaltetu dute eraikin multzoa.[4]
Irispidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Iruñetik abiatuz gero, Arazuri pasa eta Ororbian Irurtzunera doan bidea (NA-7010) hartu behar da. Handik bederatzi kilometrora, Ollarango sarrera baino lehen, Lete herrirako bidea hartu eta, herri multzoa bistaratzen denerako, ezkerrean Iharteko monasterioa ageri da.[3]
Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- ↑ Iharte. euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2019-05-16).
- ↑ Mutiloa Poza, José María. El priorato de Yarte (lart): origen, configuración y desamortización. dialnet.unirioja.es (Noiz kontsultatua: 2019-05-17).
- ↑ a b Larrion, Patxi. Erromanikoa bere apalean. Argia astekaria, 2009ko uztailaren 12a, CC BY-SA 3.0, argia.eus (Noiz kontsultatua: 2019-05-16).
- ↑ a b Monasterio de Yarte. listarojapatrimonio.org (Noiz kontsultatua: 2019-05-17).
- ↑ El consejero de Cultura y Turismo visita los monumentos románicos en restauración de Yarte, Itxasperri y Zamarce. navarra.es (Noiz kontsultatua: 2019-05-17).
Ikus gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Nafarroa |